ETXEBARRI

Prentsa Aretoa

2013/07/26

Eusko jaurlaritzak toki administrazioaren iraunkortasunari eta arrazionalizatzeari buruzko legearen aurreproiektua berriz aztertzeko eskatu dio espainako gobernuari

Aurreproiektua «justifikaziorik gabekotzat» eta «neurriz kanpokotzat» jo du, eta gaineratu du Europako esparruko «toki-autonomiaren printzipio finkatua biziki ahultzen» duela eta «horren aurkako esku-sartze larria» dela. · «Espainiako erreforma ez da egokitzen euskal toki-erakundeen errealitate ekonomikora, egoera saneatua baitute oro har». · «Aurreproiektuak ez du kontuan hartzen Euskadin eskubide historikoak direla-eta dagoen toki-erregimeneko foru-sistemaren berezitasuna». · Espainiako Gobernuak ez badu testua berriz aztertzen, «xedapen gehigarri bat eransteko» eskatu du Eusko Jaurlaritzak, «Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatu ez dezaten», Espainiako Konstituzioan ere jasota dauden «berezitasun instituzionalak eta finantzarioak» direla-eta.

rss Ezagutzera eman
Eusko jaurlaritzak toki administrazioaren iraunkortasunari eta arrazionalizatzeari buruzko legearen aurreproiektua berriz aztertzeko eskatu dio espainako gobernuari

ARGAZKIA JAITSI

Eusko Jaurlaritzak Toki Administrazioaren Arrazionalizatzeari eta Iraunkortasunari buruzko Legearen aurreproiektuaren gaineko balorazio orokor bat helarazi dio Espainiako Gobernuari; testu horri hiru foru-aldundiek eta EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteak Eusko Jaurlaritzari emandako alegazioak ere erantsi dizkio.

 

Eusko Jaurlaritzak «aurreproiektu osoa berriz aztertzeko» eskatu dio Espainiako Gobernuari 23 orriko idatzian, azken 30 urteotan Europako esparruan finkatuta dagoen «toki-autonomiaren printzipioa biziki ahultzen» duela eta horren aurkako «esku-sartze larria» dela adierazita.

 

Eusko Jaurlaritzaren iritziz, aurreproiektua «ez dago konstituzioan egoki txertaturik, justifikaziorik gabekoa eta neurriz kanpokoa baita Konstituzioak berak aldarrikatzen dituen balio demokratikoei eta Estatu sozialari dagokienez».Gainera, «ez du kontuan hartzen Euskadin eskubide historikoak direla-eta dagoen toki-erregimeneko foru-sistemaren berezitasuna».

 

Eusko Jaurlaritzaren ustez, EUDELek alegazioetan adierazitakoaren ildotik, «egin nahi den erreforma ez da egokitzen euskal toki-erakundeen errealitate ekonomikora», horiek, oro har, «egoera saneatua eta aurrekontu-oreka baitituzte eta, zailtasun ekonomikoa duten salbuespenezko kasu urriei dagokienez foru-aldundiek kontrol ekonomiko-finantzarioa baitute, beren finantza-babesaren eskumenak betez».

 

Espainiako Gobernuari igorritako testuak, halaber, egiazko asmoa hauxe dela zehazten du: «Udal-mapa aldatzea aitzakia gisa administrazio-bikoiztasunak ezabatzea eta antolamendu-egitura eraginkortasun, efizientzia, aurrekontu-egonkortasun eta finantza-iraunkortasunaren ikuspegitik arrazionalizatzea erabiliz».

 

XEDAPEN GEHIGARRIA

 

«Gobernuak aurreproiektuaren testua berriz aztertu ezean», dio Espainiako Gobernuari igorritako idazkiak, Eusko Jaurlaritzak «aurreproiektuan xedatutako neurriak Euskal Autonomia Erkidegoan ez aplikatzeko xedapen gehigarri bat» eransteko eskatu du «Konstituzioaren Lehen Xedapen Gehigarriaren, Gernikako Estatuaren eta Ekonomia Itunaren Legearen» ondoriozko berezitasun instituzionalak eta finantzarioak direla-eta, Bizkaiko Foru Aldundiak alegazio-idazkian adierazitako moduan.

 

Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak uste du Ministroen Kontseiluak onetsitako testuak «beharrezko xedapen gehigarrien bidez toki-araubideko foru-sistemaren berezko berezitasuna atxiki behar» duela hauei dagokienez:

 

·        Aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-iraunkortasunaren bermea.

·        Tokiko korporazioetako kideen eta toki-erakundeen zerbitzupeko langileen ordainsari-sistema.

·        Estatuko gaikuntza duten funtzionarioen gaineko eskumenak.

·        Tokiko funtzio publikoaren arloko eskumenak.

·        Autogobernu-erakundeen antolamendu, erregimen eta funtzionamenduari buruzko ahalmenak eta horien lurralde-egituraketa.

·       Estatuak toki-erregimenaren arloan bere gain hartzen dituen ahalmen arauemaile eta betearazle guztiak Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan bertako eskudun erakundeek gauzatzeko klausula subrogatzailea (Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituen Legearen 39. artikulua eta bigarren xedapen gehigarria).

  Berri ikusiagoak...