ETXEBARRI

Prentsa Aretoa

2014/04/17

Euskadik bere etorkizuna erabakitzeko duen berezko eskubidea aldarrikatuko du EAJ-PNV-k Aberri Egunean

Pilar García de Salazarrek, Euzkadi Buru Batzar-eko idazkaria, eta Xabier Agirrek, Araba Buru Batzar-eko presidentea, Gasteizen aurkeztu dute gaur alderdi jeltzaleak datorren igandean, apirilaren 20a, Bilboko Plaza Berrian antolatko dituen ekitaldiak Aberri Eguna ospatzeko. Hauexek izan dira beraien hitzak.

rss Ezagutzera eman
Euskadik bere etorkizuna erabakitzeko duen berezko eskubidea aldarrikatuko du EAJ-PNV-k Aberri Egunean

ARGAZKIA JAITSI

 “Aberri eguna” da Euskal Nazioaren egun handia. Euzko Alderdi Jeltzaleak duela 80 urte,1934 urtean egin zuen bezala, gaur eta hemen, Vitoria-Gasteizen, aldarrikatzen dugu Euskal Herriaren aitortza, Araba, Bizkaia, Baxe Nafarroa, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoa herrialdeek osatua den aberriarena. Eta munduko herri eta nazioek duten baldintza berberekin, bere etorkizuna askatasun eta demokrazian erabakitzeko duen berezko eskubidea defendatzen dugu. 1934 hartan, Andre Maria ZuriarenPlaza honetan, ondoko Florida parkean eta Mendizorrotza futbol zelaian egin ziren ekitaldiak. Batzuk ezin izan ziren ospatu. CEDAren Gobernuak mitin nagusia debekatu zuen. 1934ko Aberri Egunak esanahi berezia izan zuen. Arabar lurretan euskal abertzaletasunaren indarra erakustea zuen helburu. Araba Euskadiren parte zela aldarrikatu nahi zen eta, beraz, euskal herriaren batasuna errealitate ukaezina zela.

Gaur, 80 urte geroago, errealitate hori orduan bezain ukaezina da. Eta gaur, orduan egin genuen bezalaxe, euskal hiritarrok Europan bilatzen dugu mugaren alde bietan Espainiar eta Frantziar estatuek ukatzen diguten aitortza. Horregatik guztiagatik, ‘Euskadi Europara Begira’ da aurtengo Aberri Egunerako aukeratu dugun goiburua.

 Euskal Aberriaren Eguna ez da inoren kontra egiteko ospakizuna, ez eta nazio nortasunen arteko aurkaketarako handikeria ere. Aberri Eguna bizirauteko borondatea adieraztea da, gizarte bat identifikatzeko, hiritargoa bere inguru hurbilarekin elkartzeko gogoa adierazteko eguna. Herrialde bat, herri bat, bere nortasun ezaugarriekin. Nazio bat aitortzea da, Euskal Nazioa, eta hiritarren gehiengo handi baten helburua da bere esparru juridiko-politikoa askatasunean aurkitzea. Gure talde nortasuna garatzeko askatasuna, gure seme eta alaben etorkizuna eraikitzeko orduan aukeratu behar dugun egitasmo politikoaren inguruan erabakitzeko askatasuna. Erkidego ireki, anitz eta solidarioa eratzeko askatasuna, gizarte horretan parte hartu nahi duten guztientzat eta inolako bazterketarik egin gabe.

 

Gaur, euskal nortasun kolektiboa aldarrikatu nahi dugu, giza garapenerako faktore den neurrian. Solidariotasunean oinarritutako etorkizunaren garapena, pertsonak babesik gabe uzten dituen indibidualismoaren aurrean. Baloreak dituen erkidegoaren garapena, denon ongiaren aldeko apustua egiten duena. Hazkunde ekonomiko, kultural, sozial eta politikoaren alde egiten duena. Mundura zabaltzen den erkidegoaren garapena, munduan duen eraginaren bidez hazten denarena. Euskal Aberri horren defentsan, hainbat euskal belaunaldik beren haragi eta odoletan sufritu dute zapalkuntza, bortxakeria eta sufrimendua. Eta, Euskal Aberri horren izenean, hain zuzen, hiritargoaren zati bat terrorismoaren eta jazarpenaren mende jarri da.

 

Gaur, Herri honen zorionerako, bake aldi berria eraikitzeko momentua iritsi zaigu. Pertsonak dira aberria egituratzen dutenak eta pertsona horien oinarrizko eskubideak dira elkartzen dituen entitate, erakunde edo instituzioen egiturak eraikitzen dituztenak. Horregatik, gure gaurko helburua da Euskadin bortxakeriarik gabeko bizikidetza finkatzea. Euskal Aberri askea bultzatzeko aukerak elikatuko dituen bakea, hiritargoak adierazitako borondatea, muga bakarra izango delarik. Aberri berria elkarrekin aurrera egiteko, eta gure kabuz erabaki dezagun gure geroa zein izango den, gure etorkizunak zein izan behar duen.

 

Bi helburu dira 2014 urte honetako Aberri Eguna ospatzeko une honetan elkartzen gaituztenak. Alde batetik, Bake eta Bizikidetzarako oinarrizko adostasun berria eratzea, Euskadin elkartasun aldi berrirako atea zabalduko duena. Eta, bestetik, denen artean eztabaidari hasiera ematea, Euskadin autogobernuak aurrera egitea ekarriko duena. Akordio demokratikoa, erabakitzeko eskubidearen beraren aitortza eta oinarrizko araudira egokitzea ahalbidetzeko. Hori da guk proposatzen dugun Aberri berria. Bake sendoagoa, bizikidetza aberatsagoa, askatasun handiagoa. Hobeto bizitzeko.

 

Horregatik, 2014ko Aberri Egun hau ospatzeko orduan, Euskadiko hiritargo osoari zuzendutako deia egin nahi dugu, bake eta askatasunerako dugun eskubidea aldarrikatzeko, gu guztiok identifikatzen gaituen ikurrina kalera atera dezagun; keinu horren bidez Herri berria eraikitzeko dugun borondatea erakutsiz; gizarte berria, non guztiok gure iritziak emateko eta gure erabakiak hartzeko ahalmena izango dugun, giza eskubideei zor zaien errespetuaren babesean. Bakoitzaren borondatea eta ezberdintasuna errespetatzea. Pertsonen duintasuna eta gure ideiak errespetatzea, gure Herriak urrats sendoz aurrera egin dezan, Euskadi bere hiritargoak nahi duen hori izan dadin.

 

Era berean, euskal hiritargoari luzatu nahi diogu deituko diren ekitaldi guztietan parte hartzeko gonbidapena, bakoitzari dagokion begirunea gorderik, Euskal Aberrikoak garela adierazteko, eta bakoitzak atxikimendu askerako duen eskubidea errespetatuz, herri honek bere etorkizuna demokratikoki erabakitzeko duen eskubidea defendatzeko.

 

DATU TEKNIKOAK
Ekitaldi politikoa. Bilboko Plaza Barrian. 11:30etan.

-Hizlariek orden honetan hitz egingo dute: Jean Telletxea Europar Hauteskundeetarako EAJ-PNBren hautagaia; Izaskun Bilbao Europar Hauteskundeetarako EAJ-PNVren hautagia; Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Andoni Ortuzar EAJ-PNVren Presidentea.

-14x8 metroko eszenatokia=112 metro koadro. 80 pertsona egongo dira: Europar Legebiltzarrerako EAJ-PNVren hautagaitza osatzen duten pertsonak, EBB, Eusko Jaurlaritza, Herrialde Buru Batzarrak, Foru Diputatuak,alkateak...

- 25x20=500 metro koadroko karpa.

-1.000 aulki mitinerako .

-Argi eta soinurako 60.000 watio

 

Bazkaria. Areatzan.

- 90x15=1.350 metro koadro. Uri Erakunde guztietako  1.100 pertsona batuko dira bertan bazkaltzeko. 55 pertsonako 20 mahai jarriko dira .

-Bazkalostean, berbena 16:00etan: Joselu eta Anaiak .

-Txosna.

-Komunak

-Antolaketa lanean 50 boluntario arituko dira.

-Eszenatokia montatzea: larunbatean goizeko 8:00etatik aurrera .

 

  Berri ikusiagoak...