ETXEBARRI

Prentsa Aretoa

2020/12/02

EAJ-PNVren adierazpena Euskararen Nazioarteko Egunean.

Aurtengo abenduaren 3an, berriro ere Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen dugun honetan, EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarrak hauxe adierazi nahi dio euskal gizarteari eta gonbit hau egin nahi die euskal hiritar guztiei: dakigunok dakitenekin euskaraz jardun dezagula; dakitenek ulertu baino egiten ez dutenekin euskara ezpainetara ekar dezatela, oraindik hitz egiten ez dakiten horiei ikasbidea errazteko; eta ez dakitenek euskara ikas dezatela

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVren adierazpena Euskararen Nazioarteko Egunean.

ARGAZKIA JAITSI

Euskara gure geurea dugu. Ez gaitu egiten hobeak ez txarragoak, baina gu geu egiten gaitu. Eta euskarak euskal gizartea bilbatzeko tresna izan behar du. Gu herri eta gizarte gisa hezurmamitzen gaituen tresna da, eta horrek bereizten gaitu mundu zabalean. Hori dela eta, geurea da euskararen etorkizuna bermatzeko ataza. Guk bakarrik lor dezakegu hori.

EAJ-PNVk une honetan euskal gizartearen plazan gogora ekarri nahi ditu 1979. urtetik hona jorratutako bidea eta horretan egindako bidaia. Gernikako Estatutua oinarri hartuta, 1982ko Legea giltzarri gertatu da orduko denbora ilunetako errealitatea gaur egungo argitasunera ekartzeko. Orduko urteetan ez zegoen behar beste euskal irakaslerik ikasgaiak euskaraz hezkuntza-sistema osoan bermatzeko. Berrogei urte geroago aspaldiko kontua dela ematen du. Izan ere, eginkizun horretan EAJ-PNVren gidaritza ezinbestekoa izan zen gaur egun gauden lekura heltzeko. Betiere, lortu duguna handia izanagatik, ez dugu geure burua miretsi behar. Lanean jarraitu behar dugu guztiok.

Edozein euskaldunek bere barrura begiratu behar du eta hauxe galdetu behar dio bere buruari: “Zer egin dezaket nik neuk euskararen alde?”. Guztion lana da, euskaraz dakigunona bezala euskaraz ez dakitenena. Nork bere alea ereinez, nork bere aitzurra lur jorian sartuz. Laburbilduz: euskaraz eginez.

EAJ-PNVk argi dauka, alderdi gisa bezala euskal instituzioen arduradun gisa, euskararen aldeko politika eraginkorrak gauzatzen jarraituko duela, orain arte egin duen bezala. Hori ez ezik, EAJ-PNVk argi dauka euskararen ofizialtasuna eskatzen jarraituko duela berak ordezkaritza duen nazioarteko erakundeetan. Euskal Herrian, bai alderdi kontinentalean, bai penintsularrean, badugu zereginik. Egoera ezberdinak dituzte euskal herria banatuta dagoen herrialdeek, eta esparru bakoitzean euskararen erabilera erraztuko duten baldintzak lantzen jarraituko du EAJ-PNVk.

Eta langintza horretan goiburu hau izango du: euskarak euskal hiritarrok batzen gaitu. Urte hauetan guztietan egindako lanaren helburua euskal hiritarrak batzea izan da, eta horri eutsiko dio EAJ-PNVk, betiere gogoan hartuz euskara dela hizkuntzarik ahulena haren inguruko hizkuntzekin alderatuz, eta euskal herri kontinentalean euskara oraindik ofizialtasunik gabea izan arren, esparru horretan ofiziala den hizkuntzaren eragin-esparru guztietara helaraziz.

Bernat Etxepare baxenabartarrak orain bost gizaldi egin zuen aldarri bera egin nahi du EAJ-PNVk oraingoan ere: “Euskara, jalgi hadi plazara”. Eta plazaratze hori euskaldunon esku dago. Zehatzago esanda, euskaldunon ezpainetan dago. Hala bedi!

  Berri ikusiagoak...

Next Euskadi